Nafarroa Baik gogoratu du Gobernuak eskuduntza bat beraren transferentzia ez duela jaso legealdi honetan
(2010/Iraila/1)
   
 

Ampliar (eus)

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak gogoratu duenez, “legealdi honetako balantzea eginez gero, Nafarroako Gobernuak ez du eskuduntza bat bera ere jaso, ez du lorpenik lortu eta Nafarroari eskuratzeke gelditzen zaizkion 39 eskuduntzen transferentziak eskuratzeko egin duen jarduna hutsaren hurrengoa izan da”.




Koalizioko bozeramaileak azpimarratu duenez, “Foru administrazioak eskuduntzetako bat lortzea ezinbestekoa da: trafikoa, ikerketa, espetxe politika, enplegu politikak eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa”.


 


Patxi Zabaletak esan duenez, “orain hilabete batzuk, Transferentzien Batzordeak presazko bilera egitea eskatu genuen, baina UPNk eta PSNk ez dute nahi izan”. Koalizioko bozeramailearen aburuz, “ez UPNk eta ez PSNk ez dute Nafarroa defendatu, ez eta nafarren interesak ez eta autogobernuaren eta autonomiaren duintasuna”.


 


“Amejoramenduaren Legea onartu zenetik 30 urte igaro direnean, bete gabe jarraitzen du, eta hori eskandalagarria litzateke negargarria izango ez balitz”, adierazi du.


 


Patxi Zabaletak agertu duenez, “hauteskundeak baino lehen trafiko arloko eskuduntzen gaia mahai gainean jartzea ohitura ere bihurtu da, baina hiru urtean UPNk ez du ezer egin hori lortzeko; hala, Kataluniak eta EAEk, adibidez, eskuduntza hori eskuratua dute, baina ez Nafarroak”. Ikerketa arloko eskuduntzaz ere jardun du koalizioko bozeramaileak: “Ikerketako eskuduntza oso garrantzitsua da etorkizunaren garapenerako, eta beste erkidego batzuk arreta berezia jarri dute horretan; UPNko Gobernuak, ordea, ez du inolako ahaleginik egin. Bestalde, eta Gizarte Segurantzako kudeaketa ekonomikorako eskuduntzen barruan, egunotan garrantzia berezia hartu du enpleguko eskuduntza guztien transferentzia eskuratzeko aldarrikapenak. Nafarroako gobernuak bere gain hartu zituen, baina kudeaketa oso txarra egiten du, enpleguko azken datuek agerian uzten duten bezala”.


 


Amaitzeko, Zabaletak esan du UPNk, “PSNren laguntzarekin”, legealdia joaten utzi duela, “eta konpetentzien arloan 0ko emaitza lortu du”.