NaBaik esan du Irunberriko Udalak legez ezarritako urratsak ez dituela bete, Acciona bertan ezarri ahal izateko
(2008/Azaroa/19)
   
 

Nafarroa Baiko parlamentariak zehaztu duenez, Irunberriko Udalak Accionarekin adostu zuen ezarriko den lurzorua enpresaren jabetzarako izango dela behin hamar urteko jarduera leku horretan egitean.


Txentxo Jimenezek prentsaurrekoa egin du gaur goizean Jose Angel Agirrebengoarekin batera, eta bertan esan du jarduera hori Nafarroako parlamentuak martxoaren 25ean onartutako foru legearen kontrakoa dela. Lege horretan esaten da Irunberriko Udalak lurzoru horren jabetza berreskuratuko duela Acciona bertatik joaten denean.


“Hamar urteko jarduera bertan egin eta gero Accionak 300.000 metro koadroko industrialdea berarentzat geratzea ez da onargarria. Gainera, industrialde horretan erabateko jarduera egongo da orduan, eta gogoratu beharra dago industrialde horretako azpiegitura orokorrak diru publikoarekin ordainduak izango direla eta lurzorua debalde atera zaiola Accionari”.


Txentxo Jimenezek argitu du Nafarroa Bai prest izango litzatekeela Accionari behar duen lurzorua debalde uzteko, baina baldintza bakar bat ezarrita: “Acciona bertatik joandakoan lurzoruaren jabetza Udalarena izatea berriro, horixe delako bide bakarra Irungo Udalak bestelako aukerak bilatu ahal izateko lurzoru horrentzat”.


Nafarroa Baiko parlamentariak ohartarazi zuenez, “Acciona Irunberrin ezarriko da egun haize-errotetan dauden palen ordezkoak egiteko eta aldatzeko; hau da, Acciona epe jakin baterako dago, parke eolikoen haize-erroten palak aldatu bitartean”.


Horren harira, Nafarroa Baik mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, Irunberriko Udalak legea bete duen azter dezan.