NaBairen iritziz, UPN-PPren hausturak abertzaleoi aukera berriak irekitzen dizkio Nafarroan
(2008/Urria/29)
   
 

UPN eta PPren arteko hitzarmenaren hausturak egoera berri bat sortzen du Nafarroan eta abertzaleoi eta, zehazki, Nafarroa Bairi aukera berriak irekitzen dizkio”. Horrela adierazi du Nafarroa Bairen bozeramaile Patxi Zabaletak, 19 urtez iraun duen hitzarmena bertan behera geratu dela jakin ahala.


Zabaletak esan du, “Nafarroak bizi dituen garai zail hauetan bestelako gobernu bat beharrezko” duela Nafarroak eta gobernu horrek ezin duela inondik inora izan lehenengoaren jarraipen. Zabaletaren idurikoz, “gobernu aurrerakoia behar du Nafarroak, politika sozialak bermatuko dituela eta orain arteko klientelismo eta bezerokeriak baztertuko dituena, ustelkeriatik urrunduko dena eta aurrerabideei bideak irekiko dizkionak”.


Zabaletaren iritziz, “UPNk azken egunetan egin dituen urratsetako batzuk jasanezinak izan dira. Hitzarmenen alde bakarreko interpretazioak egitea oinarri juridiko eta politiko guztien kontra doa, baina Sanzek horixe egin nahi izan du PSNrekin gobernua osatzeko asmo duelako; hau da, alderdi sozialista konprometitu nahi izan duelako Nafarroako gobernuan”.


Hori dela eta, Zabaletak salatu egin du PSNk UPNrekin gobernuan sartzea erabakiko balu “hutsegite larria” litzatekeela “UPNk jarraitu egingo duela gobernatzen orain arte bezala, eskuineko indar politiko baten modura”.


Koalizio abertzalearen bozeramaileren ustez, “Nafarroako herriak jakin egin behar du, UPN eta PPren arteko akordioa hautsi izanagatik, hemen etorkizunak erronka berdinak dituela, aldaketak oinarri ideologiko eta politikoekin egin behar baitira. Hori dela eta, herritarrei jakinarazi nahi diegu NaBaik orain arteko moduan lanean jarraituko duela Nafarroan aldaketa politiko sakona eman dadin”.


Patxi Zabaletak Radio Euskadiko Ganbara saioan egin zituen adierazpenak entzun