Nafarroa Bairen ustez, UAGN eta EHNE sindikatuek Begoña Sanzberroren kontra esandakoak “arrazoituta daude”
(2008/Iraila/30)
   
 
Koalizioko parlamentariaren hitzetan, “sektorean, bizi duen krisiaren aurrean, dagoen kezkaren isla dira kritika horiek, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroako Gobernuak ezer gutxi egin duela krisi horri aurre egiteko”.

Txentxo Jimenezek ohartarazi duenez, “abeltzaintza eta nekazaritza bizitzen ari den krisia luzatzen ari da eta azken urtean krisiaren eraginak sakontzen ari dira. Horren ondorioz, esplotazioen itxieran etengabe ari dira gertatzen; hala, lanpostuak galtzen ari dira eta gure lehen sektorea era progresiboan eta atzera bueltarik gabe desagertzen ari da”.


Nafarroa Baiko parlamentarioak eta Landa Eremuen Garapenerako batzordeburuak adierazi duenez, “denbora honetan guztian nekazal sindikatuak eta kaltetutako sektoreak krisiari aurre egiteko neurriak eskatzen aritu zaizkio Nafarroako Gobernuari, era horretara esplotazioen itxiera saihesteko; besteak beste, esplotazioen garapenerako laguntza zuzenak ematea, nekazaritza eta ingurumeneko neurriak hartzea, kreditu arinak ematea eta ekoizleen sustapena egitea proposatu dute. Baina horren aurrean Gobernuak gorrarena egin du, eta gaur egun daukagun krisi orokorra aurretik lehen sektorean geneukan krisiaren gainetik jarri da”.


Txentxo Jimenezen aburuz, “inolaz ere ez da onargarria Lan Eremuen Garapenerako Departamenduaren aurrekontuan UPNko eskuineko gobernuak 15.600.000 euroko murrizketa egin izana, are gehiago, jakinda departamenduak zeukan aurrekontua murritzegia zela sektoreak dituen premiei aurre egiteko. Baina oraindik eta gutxiago onar daiteke Sanzberro parlamentuaren aurrean inolako lotsarik gabe agertzea eta esatea aurrekontu murrizketa horrek ez duela inongo eraginik izango eskaintzen dituen zerbitzuetan, arretan eta laguntzetan”.


Amaitzeko, Nafarroa Baiko parlamentariak esan du Nafarroako Gobernua “gezurretan” harrapatzen dela, esaten duelako lehen mailako beharrei erantzuteko dirulaguntzak aurrekonturik ez zeukala, “eta orain 15 milioi euroko aurrekontu murrizketarekin egiten dugu topo, eta gai dira esateko horrek ez duela eraginik izango departamentuan”.