BARKOS BERRUEZO:Presidente jauna, jaun-andre diputatuok, Nafarroa Baik ekarriko du legealdi honetan
diputatuen Kongresura nafar abertzale zein euskaltzale,
nafar aurrerakoi eta ezkertiarren ahotsa. Legealdi
honetan eta azken 25 urteotan lehenengo aldiz; eta hau
izango da gure helburu nagusietakoa: euskaraz
ere egitea.

Ni Nafarroa Bai koalizioaren ordezkari etorri naiz hona eta koalizioak inbestidura saiora ekarri du hauteskundeetara eraman zuen espiritu berbera, Nafarroako herritar kopuru nabarmen batek berretsitakoa, hots, balio demokratikoak eta bizikidetza berreskuratzeko eskakizuna. Azken batean, politika egiteko molde berria. Presidente jauna, jaun-andreok, legealdia hasi berri den honetan, bakearekiko dugun konpromiso nabaria, -zalantzarik gabea- aldarrikatu nahi dut.

Halaber, erabat errefusatzen dugu indarkeria oro helburu politikoak lortzeko bitarteko gisa. Espero dut zuek ulermen ona izan eta halakorik errepikatu behar ez izatea. Gainera, gure politikak Nafarroako jende abertzale, euskaltzale eta aurrerazaleen eskubideak aldarrikatu nahi ditu. Hori dela eta, zinez pozten gara, Rodríguez Zapatero jauna, ikusterakoan zuk elkarrizketaren beharra azpimarratu duzula, Gobernu ona lortzeko lanabesa delakoan. Zoritxarrez, azken urteotan, frentismoa sustatu duen politika jasan dugu, bai eta bestelako mezuak eta pentsamoldeak baztertzea xede zuen politika ere eta, gogoratu beharrean nago, zenbaitetan ez diozula horri aurre egin eta, are gehiago, zure laguntza ere izan zutela, jadanik eztabaida saio honetan aipatu diren neurri batzuk hartzerakoan. Horra zein izan den Estatuaren politika azken lau urtean. Zuek etengabe esaten duzue parte garela Estatu horretan, hartan partaide sentitu behar genukeela eta, hala ere, hasi berri den legealdi honetan ikusten dugu 50etik gora diputatuk eskatzen dutela, edo eskatzen dugula, egungo Estatu ereduaren erreforma sakona. Artetik esateko, gogoratuko dizut diputatu horietariko asko zure alderdian daudela.

Aralar, Eusko Alkartasuna, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Batzarrez osaturiko koalizioa da Nafarroa Bai eta, dagoenekoz, Nafarroan erakutsi du, ongi erakutsi ere, batasunerako ahalegina eta, emaitzak sekulakoak izan dira, azken hogeita bost urte honetan Foru Komunitatean izan ez direnak bezalakoak. Eta emaitza horiek islatu dute Nafarroako gizartea anitza dela eta, alde horretatik, Kongresura helburu argia ekarri dugu, bai horixe: legealdi honetan bakegintza jorratu nahi dugu, bakea lortu, eta normalkuntza politikoa ere bai. Bat etorriko zarete nirekin esaterakoan bide hori gu denoi dagokigula zenbaki kontuez eta beharrez baino askoz ere haratago. Prest gaude bakerako eta normalizaziorako bidea lantzeko. Elkarlan politikoaz mintzo natzaizu, Rodríguez Zapatero jauna, ez baitugu ahaztu behar, bereziki iragan martxoaren 11az geroztik -Madrilgo atentatu basati hartatik-, guztion adostasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela. Beraz, elkarlan politiko hori aldaketa prozesuan txertatu beharra dago eta, hautesleek hala agindurik, zuri dagokizu prozesu hori zuzentzea. Atzokoan, diplomazia prebentiboa iragarri zenuen gerra prebentiboen aurrean, eta horrek izugarri poztu nau, baina are gehixeago eskatuko dizugu; zehazki, eskatuko dizugu nazioarteko lankidetzan nahiz justizia sozialean oinarritutako politikei ekitea, gerra prebentiboen dotrina ezin kaltegarriagoa erabat bazter uzteko.

Baina aldaketak ez du soilik nazioarteko politikara iritsi behar. Nazioartean elkar ulertzea sustatu beharko genukeen bezala, erronka ez da inola ere makalagoa Estatu barnean, ez horixe; alde horretatik, gogoratu behar dut, presidente jauna, jaun-andreok, Nafarroan bizi izan genuen gogoeta egun dramatikoa, joan den martxoaren 13an, Angel Berroeta hil zuten egunean, alegia. Gertakari hori ez daiteke bereizi enfrentamendu zibilerako girotik eta esan behar da giro nahasi horretara kondenatu gaituztela gu gehienok, azken urteotan. Gauzak horrela, Nafarroa Bain onbideratze demokratikoak kezkatzen gaitu lehenik, premiazkoa baita. Eta, horrekin batera, baditugu beste kezka batzuk: norbanakoen eta talde askatasun oro berreskuratzea, aniztasuna aintzat hartzea —zure hitzaldian hori entzun dut—, bizikidetza berreskuratzea —hori ere entzun dugu—, aukera izan dezagun bai guk, bai eta Estatuko herritar guztiek ere, bakean bizitzeko, betiere desberdintasun politikoak onartuta eta, egia esan, kultur aberastasuna esan beharko genuke desberdintasuna baino. Azken batean, aukera izan dezagun bakean bizitzeko, betiere aniztasuna errespetatuta. Ziur baino ziurrago gaude horixe dela bakerako oinarri sendo bakarra: aniztasunean oinarrituriko bizikidetza, alegia.

Horra zein den gure iritziz konpondu gabeko afera nagusia, Rodríguez Zapatero jauna, eta ziur gaude zuek bizikidetza hori berreskuratzen has zaitezketela legealdi honetan. Aniztasuna errespetatzeko bidean, funtsezko kezkak dauzkagu eta, hain zuzen ere, horiei buruz galdetuko dizut. Esaterako, Estatuko hizkuntza koofizialekiko begiruneaz galdetuko dizut eta atzokoan entzundakoa baino zehaztasun handiagoa eskatuko dizut. Ari naiz, esate baterako, euskarari buruz, Nafarroan ere koofiziala baita eta, Ganbera honetan gogoratu nahi dut, UPNren Gobernuaren erasoa jasaten ari dela. Ez dut nik esaten, Europako erakunde eskudunek diote. Ildo horretan, Rodríguez Zapatero jauna, jakin nahi dut zer politika egin behar duen zure Gobernuak Estatuko hizkuntza gutxituak defendatzeko. Artetik esateko, era berean jakin nahiko nuke Ganbera honen Araudia berritzeko zirriborroan aurreikusita ote dagoen Estatuko hizkuntza koofizialen erabilera Ganbera honetan, noizbehinka bada ere, prentsaren bidez jakin baitugu bukatzeko zorian dagoela.

Legealdi honetan ere bestelako kontuak erabakiko dira nire erkidegoarentzat, Nafarroarentzat alegia, denak funtsezkoak. Esaterako, Errege Bardeen kontratuaren akabera. NATOk Europa osoan duen aireko tiro eremu bakarra da eta hori guztia non eta Natura Parke batean kokaturik. Gustatuko litzaidake jakitea ea gaurkoan konpromisoa hartzen ahal duzun kontratu onartezin hori ez berritzeko. Aintzat hartu behar dut zure hurrengo defentsa ministroa izanen den jaunaren sentiberatasun berezia, eta ari naiz Hoces del Cabriel-Cabañerosko aferaz; alde horretatik, baikor izan nahi dut, baina nolanahi ere, espero dut zure erantzuna zuzenean ezagutzea, Rodríguez Zapatero jauna. Halaber, jakin nahiko nuke zein den zure jarrera Aznarren Gobernuak nire erkidegoari buruz, Nafarroari buruz, utzi dizkizun herentzia batzuetaz. Esaterako, hortxe daude Auzitegi Konstituzionalean jarritako lau errekurtsoak beste hainbat foru legeren aurka. Era berean, jakin nahi dut zer nolako harreman instituzionala izanen duzun Nafarroako Foru Legebiltzarraren eta, oro har, estatuko ganbera autonomiko guztien, erabakiei dagokienez. Orobat, Nafarroa Baiko ordezkari naizenez, espero dut eztabaida saio honetan jakitea zein izanen den zure jarrera oraindik Nafarroari eman ez zaizkion eskumenei buruz. Horri loturik gogoratu nahi dut, joan den azaroan Nafarroako Parlamentuak Amejoramenduaren eskumen guztiak aldarrikatu zituela Gizarte Segurantza barne, baita zure alderdiak ere, Nafarroako Alderdi sozialistak, alegia. Bat nator zurekin, Rodríguez Zapatero jauna, Estatuaren gizarte eta laguntza sarearen egoerari buruzko kezkari doakionez, eskuinaren bi legealdi horien ondotik, defizit zeroa sakralizatu egin duten horietan. Alde horretatik, elkarlanerako gure konpromiso sendoa eskaini nahi dizut, zure Gobernuak aurrera eramanen dituen ekimen guztietan, gehiengo sozialaren eskubideak defendatzeko.


Eta, etxebizitza kontuetan, lurzoruaren espekulazioaren kontra agindu duzuen kanpaina horren emaitzen zain gauden bitartean, Errentamenduen Legea sakon eta premiaz aldatzen has gintezke, horrexek aukera emanen bailiguke Estatu osoan milaka eta milaka etxebizitza ateratzeko, baina bereziki aukera emanen liguke behingoan aldatzeko gazteak eta beren urte hoberenak hipotekatzen ari diren moldeak aldatzeko.

Etorkinei dagokienez, zuk kontu interesgarria proposatu diguzu, Estatu hitzarmen bat, alegia; baina zehaztu gabe zeintzuk izanen diren, esaterako, kontrol mekanismoak. Era berean, osoko legea proposatu duzu emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, eta pozten gara benetan, baina espero dut are poz handiagoa izatea, legea gauzatzeko behar diren dirutzak zenbatekoak diren jakitean eta, batez ere, jakin nahiko genuke nolako parte hartzea izanen duten luzaro indarkeriari aurre egin dioten emakume taldeek —nik proposatzen dizut hori—.

Gutxieneko pentsio-sariak igotzeko borondateari diruak ere zehaztuko dizkiozu. Nik proposatzen dizut Estatu osorako aintzat hartzeko Nafarroako foru lege bat, hots, alargunen pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko Legea, Alderdi Popularrak Konstituzionalera eramana eta oraingoz eraginik gabe dagoena. Proposatu dizut, oso testu interesgarria delako, bereziki erabilgarria izan daitekeelako. Azken buruan, zurekin egonen gara bereziki justizia soziala sustatzeko ahaleginean.

Begi bistakoa da, zurekin ere partekatzen dugula indarkeria terroristari buruzko kezka, baina ez gatoz bat zurekin formulari doakionez, tragedia horri aurre egiteko lanabes nagusiari dagokionez. Ezin dugu ukatu indarkeria-agertoki berri baten aitzinean gaudela, terrorismo molde berri baten aitzinean. Hori ez aitortzea oso larria litzateke, terrorismoaren kontrako ituna esaten zaion lanabes guztiz desegokia mantentzea bezain larria, gure iritziz; ez da soilik zuk sinatutako ituna, atzokoan gogoratu zenuen bezala, zuek bultzatutakoa baizik, eta orain zuri dagokizu, hautagai jauna, gure iritziz, testua lasaitasunez irakurtzea, eragingarritasun hutsari erreparatuta, aurre egin behar diogun indarkeria eta terrorismo agertoki berri hori ikusita. Diputatuok, itun hori baztertzailea da eta oso argi dago ez duela desberdintasun politikoa onartzen. Baliorik gabe dago, zeren, bere bi sinatzaile bakarrek elkarri leporatzen baitiote terrorismoa bezalako afera sentikorra alderdikeriaz erabiltzea —atzo hemen entzun genuenez—, eta zure esku dago, Rodríguez Zapatero jauna, bestelako bidea hartzea. Gu, jakina, zurekin egonen gara horri buelta emateko, zeren zuk eta denok baitakigu aurrez aurre dugun terrorismo molde horri guztion adostasunetik heldu behar zaiola. Halaber, adostasuna eta ausardia demokratikoa erabilita, Estatuaren oinarrizko antolamendu juridikoaren erreformaren beharra hartu behar da aintzat, eta, gure iritziz, zuk atzokoan ez zenion gaiaren mamiari heldu. Presidente jauna, jaun-andre diputatuok, 1978koa iraganeko herentzia antolatzeko Konstituzioa izan zen —eta halaxe egin zuen—. Gaur egun, etorkizuna eraikitzeko araua behar dugu.

Bukatuko dut, presidente jauna, diputatuok. Rodríguez Zapatero jauna, asmo onez beterik dago zure diskurtsoa, baina aitorturik ere zure aurrekoak zituenak baino jarrera askoz ere irekiagoak dituzula—egia esan, hori ez da horren zaila—, oraindik gure jarreretatik urrun dauden planteamenduak dituzu guretzat funtsezkoak diren kontuetan. Nolanahi ere, Nafarroa Bain ez gaude inola ere urrun martxoaren 14ko aldaketa politikoak Estatura, oro har, ekarri duen pozetik eta itxaropenetik; horrenbestez, berriz ere legealdian elkarrizketa leialerako konpromisoa berretsiko dizut. Jakina, egin dizkizudan galderei emanen diezun erantzunaren zain, Nafarroa bairen abstentzioa iragarriko dut; abstentzioa zure inbestidura ez trabatzeko borondate garbiarekin, ezta sinbolikoki ere, baina abstentzioa zuri gogorarazteko zeintzuk diren erronkak eta zein den bidea elkar topatzeko. Eskerrik asko, presidente jauna.